Ollagorraren sorreraren aurrekariak
Donostiako historia txikiak kontatzen digu hainbat herri-elkarte beste batzuen barruan sortu zirela. Une jakin batean, bazkide talde batek erakunde berri bat sortzea erabaki zuen, eta horretarako lokala eta izen berezia bilatu, eta bere estatutuak idatzi zituen. Banaketaren arrazoiak askotarikoak izan ziren: batzuetan jarduera berriak egitea zuten helburu; beste batzuetan, bazkide berriak gainezka zirela eta, leku faltagatik ezin zitzaien sarrera eman; eta, zenbait kasutan, desadostasun pertsonalengatik besterik gabe. Ikus dezagun Ollagorraren kasua.
Ikuspegi osoa izateko, historian urte batzuk atzera egingo dugu. 1857 inguru Donostian elkarte bakarra zegoen martxan, La Fraternal, Poyuelo kaleko 11. zenbakian kokatua (gaur egungo Fermín Calbetón kalean). 1869an, La Fraternaleko lokala sute batek suntsitu zuen, eta sakabanatuak zeuden bazkideek berri bat eraikitzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Unión Artesana, 1870eko maiatzaren 14an. Egun hartan, arratsaldeko 7etan, 76 lagun bildu ziren Abuztuaren 31 kaleko 16. zenbakiaren behekaldean (orduan Trinidad kalea zeritzona), eta “artisauen elkarte baten oinarriak eta araudia, aisialdia eta atsedena helburu izango dituena” irakurri ondoren, aho batez onartu zituzten. Elkartea Lasala plazatxoko 2. zenbakian kokatu zen.
1879ko otsailaren 17ko gauean, beste sute batek lokala suntsitu zuen. Garai hartan zeuden beste bi elkarteek, La Amistad eta La Nueva Armonía-k, eskuzabalik beren lokalak eskaini zituzten, Unión Artesanako bazkideek lokala berreraiki artean biltzerik izan zezaten, eta urte bereko abenduan itzuli ziren bertara.
98 bazkide ziren orduan, eta berritutako lokaletan beren gizarte-nahia gauzatzen jarraitu zuten, baita mende amaierako Donostiako jai egitarau anitzean laguntzen ere.
Ollagorraren sorrera
Bazkide haietako bat Fermín Machimbarrena Gogorza zen, dirudun familiakoa; 1901ean Gipuzkoako Ehiztarien Elkartea sortua zuen, eta Unión Artesanaren beheko solairuko lokaletan biltzen ziren.
1903an, Machimbarrena La Unión Española de Explosivos-eko Gipuzkoako ordezkari izendatu zuten. Aukera handiko kargua zen, bai gizarte arloan baita ekonomikoan ere; izan ere, Soraluzeko kanoi-fabrikak erritmo betean jarduten zuen, eta Eibarren biltzen ziren Espainiako arma motz eta kartutxo ekoizpenera bideratutako ia tailer guztiak. Machimbarrena ehizazalea zen, eta kargu berriak bolborarekin eta lehergailuekin lotutako sektore guztiekin harreman estuagoa izatera eraman zuen.
1903tik aurrera, lagun ehiztari ugari elkartean (La Unión Artesana) sartzen hasi zen, non beren kirol gustukoenaz hitz egiteko tertuliak osatzen zituzten. Zuzendaritza Batzordeak gela bat utz ziezaien lortu zuen —gaur egungo Mari kalera, kaiari begira zegoen gela—, zein laster txiki geratu zen guztiak hartzeko.
Talde bat osatzea erabaki zuten, eta harentzat Ollagorra aukeratu zuten izen gisa (euskaraz, “becada”), ehizan gehien gustatzen zitzaien hegaztia. Izen hori aretoaren sarreran 1906ko uztailean jarri zuten. Bazkide sortzaileak izan ziren: Fermín Machimbarrena, Ramón Insausti, Venancio Zalacaín, Lorenzo Arrillaga, Ángel Arizmendi, Tomás Cotado eta Enrique Mora.
Aisialdi-zirkuluei eta elkarteei dagokienez, haien sorreran zein zuzendaritza batzordeetan etengabean burgesia eta klase aberatsetako pertsona ospetsuak egon zirela azpimarratu behar da. Eta hori Europa osoan gertatu zen. Donostiaren berezitasuna, ordea, zera izan zen: herri-elkarteetara jatorri apaleko edo langile jendea ere batu zitzaiela, eta horrek ez zuela bi estamentu horien artean gatazkarik edo tirabirarik sortu.
Ollagorraren sorrera urtera itzuliz, esan behar da hurrengo pausoa nortasun juridiko propioa zuen elkarte gisa eratzea izan zela, eta horretan jardun zuten bai Fermín Machimbarrenak bai haren lagun zen Emilio Arbide abokatuak.
Elkarte berriaren estatutuak Gobernu Zibilak 1907ko irailaren 19an onartu zituen, eta bazkideen batzarrak hamabi egun geroago berretsi zituen.
Orrialde honetan Ollagorraren sorrera-akta ageri da non jasotzen den elkarte berriaren helbidea, Lasala plazatxoko 2. zenbakiko etxeko lehen solairuko egongeletan kokatua, hau da, La Unión Artesana-ren lokal berean. Halaber, lehen Zuzendaritza Batzordea ere azaltzen da: lehendakaria, Fermín Machimbarrena; lehendakariordea, Domingo Peña; diruzaina, Tomás Cotado; idazkaria, Emilio Arbide; eta bokalak, Pedro Matheu eta Carlos Manes.
Hurrengo urtean (1908), Zuzendaritza Batzordea zabaldu egin zen, eta edozein elkarte herrikoi edo gastronomiko batean ohikoa ez zen kargu bat izendatu zen: Teodoro Goicoecheak bete zuen “kuoten biltzailea”, hilean 10 pezetako ordainsaria zuelarik. Batzar berean, altzariak erosteko, sukalde baten egokitzapena barne, 471,85 pezetako gastua onartu zen.
Ollagorraren lekualdaketa Mari Kalea 23ra
1910ean Ollagorraren egoitza-aldaketa suertatu zen. Otsailaren 15eko aktan jasotzen denez, Ollagorrak jabeari ordaintzen zen errentaren murrizketa proposatu zion; jabeak, jakina, proposamena baztertu egin zuen, eta horrek beste lokal bat bilatzera bultzatu zuen.
1910eko maiatzaren 22an lekualdatu zen bere egoitza ofizialera, gaur egun Gaztelurako igoeran duen egoitzara hain zuzen. Lekualdaketa kai aldean ospakizun bat egin ondoren burutu zen, zehazki Portaletetan, Santa Rita eta Santa Quiteria omenduz.
“La Voz de Guipúzcoa” egunkariak (1910-05-25), lekualdaketa honen berri ematean, elkartearen deskribapen txiki bat egin zuen, eta honela zioen: “bazkideak iluntzean biltzen ziren. Beste leku batzuetan ez bezala, ez zuten emakumerik behar, harrigarriak diren beren platerak sukaldatzeko. Guztiek dakite baratxuri-zopa prestatzen, saltsak egiten, sardinak behar bezala erretzen eta antxoak papillote eran prestatzen; eta portura iritsi ondoren, bertan agertzen dira arrantzale asko, beste portu seguru bat aurkituz, non ez den kazkabarraren eragozpenik sentitzen, ez eta haizeen arriskurik ere. Guztiak dira pertsona xume eta adeitsuak, abegikorrak eta handikeriarik gabeak. Sinpletasuna, adeitasuna, umore lasaia…”
Iruzkin honek erakusten digu lau urte eskasen buruan Ollagorrak lortu zuen sinbiosi bikaina: hasieran Donostiako profesional eta enpresari ehiztari talde batek sortua izanik, inguruko munduak —arrantzaleen kaia eta kabotaje-flota— eraldatu egin zuen elkartea. Ohiko erabiltzaileak mundu horretako langileak ziren, (Donostia garai hartan Kantauri itsasoko lehen portua zen, harrapaketen bolumenagatik) beren gastronomiaren oinarrizko lehengaitzat arraina zutenak.
Rafael Aguirre Franco
"Ollagorra: Crónica de un Centenario 1906-2006". 9-19 orr.