Ollagorra Danborradaren sorrera
Bai Fernando Garcíak bai Bernardo Santosek azaldu digute 1989. urtea baino lehen hainbat saiakera egin zirela Ollagorra Elkarteak bere danborrada izan zezan. Proposamen hauek asanblada batean baino gehiagotan baztertuak izan ziren arrazoi ezberdinengatik; batez ere ekonomikoengatik, beste batzuetan, ordea, egitasmoak bazkideen sektore batean sortzen zuen mesfidantza edo baita eragin handiko bazkide alderdi baten oposizio sendoagatik ere.
1988. urtean egoera zeharo aldatu zen. Fernando Garcíak, “Rolls” tabernako jabea, bertako danborradaren sortzailea, “alma mater”, Danbor Nagusia eta denetarako gizona zenak, Romualdo Sánchez buru zuen Ollagorra Elkarteko zuzendari-taldearekin negoziatu zuen aipatutako danborrada hura elkarteari ematea baldintza onuragarri batzuk bitarte; baldintza haiek ondorengo Asanblada Orokor batean onartu ziren.
Bi alderdiek adostu zituzten baldintzak honako hauek izan ziren:
- Ezinbesteko baldintza: Danborradak bere burua autofinantzatu beharko zuen; beraz, Elkarteari ez zion zama ekonomikorik ekarriko.
- 23 danbor-jantzi oso eta 35 kupel dohainik ematea.
- Danborrada, bere funtzionamendu eta kudeaketarako, batzorde independente baten esku egongo zen. Batzorde horretan, gutxienez, elkarteko zuzendaritzako kide bat eta Fernando García egongo ziren beti.
- Danbor Nagusia eta danborrada berriaren buru Fernando García izango zen; Carlos eta Txema, bere anaiak, Kupel Nagusia eta Danbor Kaboa izango ziren hurrenez hurren.
- Ollagorrakoan “Rolls” danborradako kideek lekua izango zuten. 1990. urtean, Elkarteko Zuzendaritzak partaide guztiek bazkide izan behar zutela erabaki zuen. Horretarako, kide hauei eta beste kide berriei bazkide izateko eta beren postuak mantendu ahal izateko bost urteko epea ezarri zien. Erabaki hau ondo hartu zuten guztiek eta Elkarteak sarrera-kuotaren ordainketa zatitua egiteko aukera eman zien.
Hitzarmen honen onarpenak, Alde Zaharreko Ollagorra elkarte ezagunari 1989. urtetik aurrera bere danborrada izateko aukera eman zion. Lerro hauen bidez, Fernando Garcíari, danborrada honen sorreraren egile nagusiari, eskerrak eman nahi dizkiogu, eta gertakizun hau ahanzturatik edota ezjakintasunetik atera nahi dugu, Carlos Garcíak esaldi honetan azaltzen digun moduan: “gutxi gara Fernandok egin zuen ahalegin aparta baloratzen dugunak”
Erabakia hartuta zegoen, danborrada helburu egingarria zen, baina, oraindik, egia izateko lan handia falta zitzaion…
Benetan, lortu zuten!
Fernando Pérez Del Ama
"Ollagorra Tamborrada 1989-2013 - 25 urte". 10. orria